Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko irailak 22Bilboko Campusa

NATOk Deustuko Unibertsitatea hautatu du Idazkari Nagusiaren eta unibertsitateko ikasleen arteko elkarrizketa esklusibo batean parte hartzeko

Datorren astelehenean, irailaren 28an, Deustuko Unibertsitateko ikasleek aukera izango dute online topaketa batean parte hartzeko NATOko Idazkari Nagusi Jens Stoltenberg-en eta nazioarteko beste bederatzi unibertsitatetako ikasleen artean, ikuspuntuak trukatzeko eta klima aldaketari lotuta sortzen ari diren segurtasun erronkei buruzko eztabaida suspertzeko.

Kopenhageko Unibertsitateak eta NATOren Diplomazia Publikoko Dibisioak bultzatutako ekimena da, “NATO 2030” Aliantzaren etorkizunari buruzko solasean gazteak konprometitzeko. Solas horretan ituneko partaideek parte hartu dute, baita think tank-etako adituek eta akademia munduak ere.

Topaketa 16:00etatik 17:00etara (CEST) izango da, ingelesez eta frantsesez, Zoom plataformaren bidez. Kopenhageko Unibertsitateko errektore Henrik C. Wegener doktoreak aurkeztuko du Idazkari Nagusia eta Carnegie Europe-ko zuzendari Rosa Balfour doktoreak moderatuko du solasaldia.

Hautatutako unibertsitateetako bakoitzeko ikasle batek galdera zuzena egingo dio Idazkari Nagusiari gai zehatz baten gainean. Deustuko Unibertsitatearen kasuan, “Klimak eragindako migrazioen segurtasunaren inplikazioak” izango da gaia. Erregistratutako ikasleek galderak proposatu ahal izango dituzte Zoom-eko txataren bidez. Denborak aukerarik ematen badu, hasierako galderen ondoren, moderatzaileak txatean aukeratutako galderak bidaliko dizkio Idazkari Nagusiari.

Horrez gain, ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da NATOren webgunetik.

Hauek dira hautatuak izan diren hamar unibertsitateak:
1. University of Copenhagen (Danimarka)
2. Carleton University (Kanada)
3. Baltic Defence College (Estonia)
4. Les Jeunes IHEDN (Frantzia)
5. Heidelberg University (Alemania]
6. Luiss Guido Carli University (Italia)
7. University of Warsaw (Polonia)
8. University of Deusto (Espainia)
9. University of Exeter (Erresuma Batua)
10. Georgetown University (AEB)