Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko martxoak 06Donostiako Campusa

Indiako Yuwa eskolako neska gazteek itxaropenaz eta etorkizunaz hitz egin dute Deustu Donostian

Indiako Yuwa eskolako neskak izan dira Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Programa horrek Indiako Jharkand eskualdeko landa eremuetako familia pobreetako neskekin lan egiten du: neska horiek ahalduntzea du helburu, kirolaren eta hezkuntzaren bidez, pobrezia, indarkeria eta haurren ezkontzako egoerak gaindi ditzaten. Topaketa Deustuko Donostiako campuseko Loiola Centrumean izan da eta bertan hizlari aritu dira Hema, Chanda, Konika, Kusum, Neeta, Radha, Vartika, Rima, Rinky eta Seema neskak, Vimal eta Vijay Mahto entrenatzaileak, Shyam Prasad eskolako zuzendariordea eta futbol programako zuzendarietako bat eta Franz Thomas Gastler Yuwaren sortzailea. Ikasle ugariren aurrean, beren bizipena azaldu dute, emakumea, elkartasuna eta berdintasuna ardatz hartuta, eta erakutsi dute kirolaren eta hezkuntzaren bidez, denen artean, Indiako neska askoren eraldaketari laguntzen zaiola. Hitzaldi-solasaldiaren antolaketa Deusto Business Schooleko EAZko graduko Komunikazioko irakasgaiko ikasleek koordinatu dute, proiektu honen inguruan “kontzientzia sortzea” eta “ahotsa ematea” nahi baitute, tartean dauden eragileen artean (Yuwa, Olarain, Real Sociedad, enpresa laguntzaileak, Deustuko Unibertsitatea...). Ekitaldiari hasiera Patxi Leon irakasleak eman dio: eskerrak eman dizkie Yuwako kide guztiei eta ongi etorria egin diren. Jarraian, Franz Gastlerrek, Yuwako sortzaileak, eskola nola sortu zen eta nesken ahalduntzearen bidez zer lortu nahi den azaldu du. Ondoren, nesken txanda iritsi da. Hamar neskek ikasleen galderei erantzun diete eta beren esperientzia azaldu dute: “kirolak, gure kasuan futbolak, buruan genituen ideiak zabaldu dizkigu: orain ikasteko aukera dugu eta gure etorkizuna erabakitzeko aukera. Nahiz eta gure familia edo herriko egoera zaila izan, neska gehiagori lagundu nahi diegu beren ametsa betetzen", adierazi du Radha Kumarik. Neska guztiek helburu bera dute: Yuwak eskaintzen dizkieten esperientziei ahalik eta etekinik handiena ateratzea, beren herriko neskei hobeto laguntzeko. Futbola, adibide honetan, hori lortzeko tresna paregabea da.

Laugarren aldiz etorri dira Yuwa eskolako neskak Donostiara: istorio hunkigarria dute atzean, eta horretan zerikusi handia izan dute Olarain Ikastetxe Nagusiak eta Real Sociedad futbol taldeak. 2013an eta 2016an Donosti Cupen izan ziren; 2017an, Real Sociedad taldearen futboleko prestakuntza ikastaroetan parte hartu zuten; eta, iaz etortzerik izan ez bazuten ere, aurten berriro itzuli dira Donostiara, Vimal eta Vija Mahto entrenatzaileekin eta Franz Gastler Yuwako sortzailearekin batera. Olarain Ikastetxe Nagusia funtsezkoa da proiektua Donostian gauzatzeko, proiektu horrekiko ekimena eta konpromisoa erakutsi baitu. Hain zuzen ere, egoitza horretan hartu dute ostatu bisitaren bi aste hauetan neskek eta Yuwako gainerako kideek. Kontxan ibili dira, Sweet Lulun gozogintza lantegia egin dute, Donostiako Tenis Elkarte Errealean igeriketa eta padel eskolak jaso dituzte, Aquariumean izan dira, Kutxa Espazioan zientzia ikasi dute, Txuri Urdinen irristaketan ibili dira eta esperientziak partekatu dituzte Ikastetxe Nagusiko ikasleekin. Goizetan entrenatzaile eskolak izan dituzte Zubietan, Real Sociedad taldearen metodologiarekin, eta datorren martxoaren 10ean Lilatoian hartuko dute parte. Olarain eta Realaz gainera, elkartasun proiektu horretan laguntzen dute, besteak beste, Autocares David enpresak (joan-etorriak), Ausolenek (otorduak), Donostiako Tenis Elkarte Errealak (ikastaroak) eta Atletico San Sebastian Elkarteak. Horiei guztiei esker, Indiako neska gazte hauek beren bizitza aldatuko duen esperientzia honetaz gozatu ahal izan dute.

Yuwari buruz

Yuwa hitzak “gazteria” esan nahi du hindi hizkuntzan. Talde kirolak eta hezkuntza erabiltzen ditu nesken izaera, konfiantza eta indarra garatzeko eta aukera ematen die lehiatzeko, beren helmugak lortzeko eta, horrela, etorkizun hobea edukitzeko. Yuwa 2009an sortu zuen Franz Fastler estatubatuarrak. Fastler Delhin bizi zen eta negozioen aholkularitzan egiten zuen lan. Baina Jharkhandera mugitu zen eta ikusi zuen izugarrizko desberdintasuna zegoela nesken eta mutilen artean. Orduan hasi zen neskei desberdintasun horien kontra lan egiten laguntzen, taldeko kirolen eta hezkuntzaren bidez. Hasieran talde txiki bat zena, laster hazi zen eta neska gehiago batu ziren proiektura. Gaur egun, 300 neskak baino gehiago jokatzen dute Yuwaren taldeetan, erabiltzen ez diren nekazaritzako zelaietan. Indiako emakumeen futboleko programa handienetako bat bihurtu da horrela (taldeen % 90 emakume gazteek entrenatzen dituzte). 2015ean, Rose Thomsonek (orain, Rose Gastler) Yuwa School sortu zuen, lehen mailako ikastetxe bat, nesken eskura tresnak jarri nahi dituena ahalduntzeko, beren izaera aurkitzeko eta Indiako eta atzerriko unibertsitateetan ikasteko prestatzeko. Eskola honetara 6 eta 18 urte arteko neskak joaten dira; ingelesez ikasten dute, hezitzaile bikainak dituzte, eta boluntario askoren laguntza jasotzen dute. Bizitzarako eta lidergoko trebetasunak ikasten dituzte, eta aukera dute bekak, errespetua eta sarrerak eskuratzeko, aholkulari eta mentore izanez. Yuwako 30 neska baino gehiagok hitz egin dute jada unibertsitateetan, TEDx ekitaldietan eta beste hitzaldi batzuetan, Indian eta nazioartean. Horrela, beren komunitateetako neskentzat inspirazio iturri bihurtzen dira.

Orain dela gutxi, Yuwa programak Laureus Sport for Good saria jaso zuen, “gizarteari egiten dion ekarpen bikainarengatik, futbola erabiliz nesken bizitzak eraldatzeko”. 2013an eta 2016an Donosti Cupen hartu zuten parte eta azken urte horretan Gipuzkoako Batzar Nagusiek egin zieten harrera. Bertan, beren eskualdean bizi duten muturreko egoera azaldu ahal izan zuten, baita jasan behar dituzten baldintza gogorrak ere.
 

06/03/2019 - Las jóvenes indias de la escuela Yuwa hablan de esperanza y futuro en Deusto Donostia