Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu

Orientazio Zerbitzua

Esker onaren garrantzia

Bazenekien esker ona arlo sendotzat hartzen dela eta emozio positiboekin, baikortasunarekin eta zoriontasun pertzepzioarekin estu-estu lotuta dagoela?

Esker ona egoera emozional positiboa da, zerbait musu-truk, doakotasunez jasotzen duzunean sentitzen dena. Ez du hautemangarria zertan izan, ukiezina eta soila izan daiteke; kasurako, zorioneko sentitzea goizean paseo bat eman ahal izateagatik edo leihotik eguzkia sartzen ikusteagatik.

Esker onaren oinarrian dago, alde batetik, besteek gugatik zerbait egin dutela aitortzea, baita gure bizitzaren parte diren gauza txikiak estimatzen jakitea ere. Sarri askotan berezkotzat edo emantzat ditugun gauzak edo egoerak dira eta galdu arte ez gara haien garrantziaz jabetzen.

Esker ona adieraztearen onurak

Esker ona adierazteak onura handiak dakarzkigu. Hona hemen adibide batzuk:

  • Esker onez pentsatzeak bizitzaren alderdi positiboak ikusten laguntzen digu.
  • Esker oneko izateak emozio negatiboak gutxitzen ditu.
  • Esker ona adierazteak autoestimua sendotzen digu.
  • Esker onak laguntzen digu antsietateari eta estresari hobeto aurre egiten.
  • Esker onak lagundu dezake pertsonen arteko harremanak sendotzen

GraciasEsker ona adierazten dutenak bizitzari jarrera positiboarekin aurre egiten dioten pertsonak dira, erresilientziarako ahalmen handia dutenak. Gainera, esker ona pesimismoaren kontrako aliatua dugu, esker onekoek daukaten on hori eta inguruan dutena hartzen dute ardatz, murriztu egiten dituzte mingostasun edo amorru sentimenduak eta areagotu egiten dute gure ongizatea; hori dela eta, hobeto, alaiago eta pozago sentitzen gara.
Gainera, esker onak "hemen” eta “orain” egoten laguntzen digu, gauzak ez direla betierekoak onartzen eta iraganekoetan ainguratuta ez geratzen. Zergatik gauden eskerrak eman beharreko buruan badarabilgu, gehiago gozatzen dugu orainaz.
Esker onak gizarte mailako loturak sortzen eta dauzkagunak sendotzen ere laguntzen digu. Esker ona praktikan jartzen dutenek beste pertsona batzuei beren sentimendu hori adierazteko joera dute, horrek zoriontsuago sentiarazten ditu eta zorion hori ingurukoei kutsatzen diete. Denok dugu gogoko eskerrak eman diezazkiguten eta sinpatia, enpatia eta atsegin handiagoa garatzen dugu esker oneko pertsonekiko.

Zelan izan esker onekoago

Oro har, ez diogu garrantzirik ematen esker ona adierazteari eta ez ditugun gauzetan jartzen dugu arreta, inguruan dugunaren balioa ahaztuta.
Esker ona posiblea izan dadin hiru baldintza eman behar dira:

  • Garrantzia edo balioa eman behar diogu dugunari edo jaso dugunari.
  • Jaso duguna oparitzat hartu behar dugu, hau da, doakotzat eta desinteresatutzat.
  • Aitortu egin behar diegu posible egin dutenei. Aitorpen hori geure buruari ere onartu diezaiokegu, garen bezalakoak izateagatik, egiten dugun ahaleginagatik eta horrela lortu ditugun gauzengatik.

Zelan praktikatu esker oneko izatea

Normalean esker oneko izatea kostatzen bazaizu, ariketa batzuk proposatzen dizkizugu esker ona praktikatzen hasteko.

  • Idatzi esker onen eguneroko bat
    • Aukeratu eguneko une lasai bat hausnartzeko, bereziki lotara joan aurretik. Pentsatu egunean zehar izan dituzun hiru edo lau gauza positibotan, une horretan esker ona sentiarazten dizutenetan, eta apuntatu egunerokoan. Horretara, esker oneko emozio positibo batekin amaitu ahal izango duzu eguna. Pentsatu maite zaituzten pertsonetan edo zuretzat edo besteentzat ondo egiten dituzun gauzetan. Kontua ez da gertakari handietan pentsatzea, gauza sinpleak ere izan daitezke (barre eragin dizun hurbileko baten mezu bat mugikorrean ikustea edo maite duzun baten besarkada bat jasotzea). Egunero egiteko astirik ez baduzu, astean bitan edo hirutan egin dezakezu.
  • Esker oneko sentimenduak izan
    • Esker onen egunerokoa idazteko denbora askorik ez baduzu, garraio publikoan, etxera bidean ematen ditugun tarteak aprobetxatzea izan daiteke beste aukera bat, gertatu zaizkizun hiru gauza atsegin pentsatzeko. Garrantzizkoena da zeure buruarekin egoteko une lasai bat aurkitzea eta barne elkarrizketa bat hastea, bizitzan duzun on guztiaz konturatzeko: ikaskide batekin solasaldi atsegin bat izan daiteke, bikotekidearen musu bat, klaseen ondoren une lasai bat gozatu ahal izatea. Garrantzizkoa da gogoratu dituzun xehetasunak apuntatzea agendan edo mugikorreko aplikazioren batean, ohar-blokean, esaterako.
  • Esker ona pertsona bati adieraztea
    • Pentsatu esker ona nori adierazi nahi diozun eta esaiozu zuzen-zuzen. Hobe da aurrez aurre egitea, baina ezinezkoa bada, egizu telefonoz. Seguru pertsona asko dituzula inguruan zerbaitengatik esker ona adierazi beharko zeniekeenak: gurasoak, neba-arrebak, lagunak, etab.
  • Esker oneko gutuna
    • Idatzi gutun bat zuretzat iraganean egin zuen edo gaur egun egiten duen zerbaitengatik edo, besterik gabe, bizitzan ondoan duzulako garrantzizkoa den pertsona bati. Hartu behar duzun denbora idazteko, adierazi zehatz-mehatz zer egin duen zugatik eta zelan eragin dizun bizitzan. Gutun bat idazte hutsak oso eragin positiboa izango du zuretzat, baina, horrez gain, gutuna lagundu dizun pertsonari eskura ematen badiozu edo irakurtzen badiozu, pertsona horrek halakorik itxaron gabe, hartzailearen erreakzio positiboa ikusiko duzu, haren esker ona ere jasoko duzu eta zuen artean lotura berezia sortuko da.

  • Esker oneko ibilaldia
    • Deskonektatu eta irten kalera ibilaldi bat egiten. Baina ez da ibilaldi arrunt bat izango, esker onekoa baino. Ibilaldian heltzen zaizkizun usain, zarata edo sentsazio positiboei adi-adi egon beharko duzu. Eskerrak eman ditzakezu zeuretzako tarte bat duzulako, kalera irten ahal izan zarelako, ezagun batekin aurkitu zarelako, eguzkiaren berotasuna sentitzen duzulako, etab.
  • Une alaien potea
    • Kristalezko pote batean gordeko dituzu urtean zehar bizi izandako une onak gogorarazten dizkizuten gauzak, zein urte izan den apuntatuta. Era askotako gauzak izan daitezke: kontzertu berezi bateko sarrerak, opor ahaztezinak pasatu dituzun hondartza bateko harri bat edo maskor bat, afaldu duzun jatetxe bateko paperezko ezpainzapi bat. Helburua potea betetzen joatea da eta urtearen amaieran une horiek berriro bizitzea, gogoratzea eta horiek bizi eta sentitu izanagatik eskerrak ematea.
      Pertsona bakoitzak aurkitu behar du esker ona adierazteko erarik egokiena edo norbaiti esker ona adierazteko modua. Bilatu eraginkorrena dena. Borondatez eta diziplinaz eginez gero, ariketa erraz hauek esker ona areagotzen lagunduko dizute.