Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko irailak 10Bilboko Campusa

Ikasleek Guggenheimeko erakusketa guztiak ikusi ahal izango dituzte 5 euroren truke, Museoak eta hiru euskal unibertsitateek sinatuta duten hitzarmenari esker

Guggenheim Bilbao Museoak hiru euskal unibertsitateetako errektoreekin 2017ko abenduan, Museoaren XX. urteurrena zela eta, sinatu zuen lankidetza hitzarmenari esker, Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko fakultateetan matrikulatuta dauden ikasleak Museoaren Lagun taldeko bihurtuko dira eta bost euroko kopuru sinboliko bat ordainduko dute.


Ekimenaren helburua da Museoa unibertsitateko ikasleei hurbiltzea, erakusketak bisitatzera animatzea eta Museoak programatzen dituen hezkuntza eta kulturako jardueretan parte hartzea. Horrela, helburu bikoitza betetzen da: alde batetik, unibertsitateko etapan jasotzen duten prestakuntza pertsonal eta akademikoa osatzea eta, bestetik, aurrekontu falta arteaz eta kulturaz gozatzeko oztopo ez izatea.


Alde praktikoari begiratuta, Museoak % 75eko deskontua egiten die, Ikasle Lagun txartelaren egungo prezioa kontuan hartuta (20 euro urtean); eta unibertsitateek konpromisoa hartzen dute horren berri zabaltzeko ikasleekin dituzten komunikazio kanalen bitartez.
Programan parte hartzea errazteko, alta online egin daiteke Museoaren webgunean, inprimaki erraz bat beteta. Museoa lehenengoz bisitatzen denean, ikasleak gorde-agiria Community mahaian erakustean (indarrean dagoen unibertsitateko matrikula, data duen ikasle txartela edo Unibertsitateko Idazkaritzak luzatutako ziurtagiria) eta bost euroko ordainketa eginda osatuko da. Horrela, Museoaren Ikasle Lagun bihurtuko da berehala eta, une horretatik aurrera, abantaila hauek izango ditu:


- Museoko sarrera doan nahi duen guztietan, ilararik egin beharrik izan gabe, eta txartel digital pertsonalizatuarekin.
- Bisita gidatuak eta audiogidak doan.
- Deskontua jardueretan (adibidez, Art After Dark-erako sarrera 9 euro da lagunentzat eta 13 euro gainerako jende guztiarentzat).
- Eskaerarik handieneko jardueretarako sarrerak aldez aurretik erreserbatzea.
- Museoaren Lagunentzako jardueretarako gonbidapena.
- Deskontuak dendan eta liburu-dendan (% 5 argitalpenetan eta % 20 bestelako artikuluetan).
- % 10eko deskontua Museoaren tabernan eta % 5ekoa Bistró eta Nerua jatetxeetan.
- Museoko jardueren gaineko informazioa posta elektronikoz.
- Doako sarrera New York eta Veneziako Guggenheim Museoetan.
- % 50eko deskontua Bilboko Arte Ederren Museoan eta Euskal Museoan.
- % 25eko deskontua Arriaga Antzokian ikuskizun hautatu batzuetan eta % 20koa BOSen kontzertu hautatu batzuetan
 

Community: hasten ari den elkartea

Gaur egun eta inauguratu zenetik, Museoak bertako Lagunen sare sendoa du, 18.000 pertsonakoa. Urtero Museoari dohaintza egiten diote; tokian sustraituta dagoela adierazten du eta erakunde sendoa dela bizitzako lehenengo 20 urteotan. Taldeak goian zehaztutako abantailak ditu, Museorako doako sarrera barne. Jarraitzaileen talde bat ere badago. Biek osatzen dute Community-a, Museoaren arte eta kulturako elkartea. Jarraitzaileen modalitatea doakoa da eta abantailak ditu: erakusketen ikus-entzunezko edukirako online sarbidea, Museoko informazioa posta elektronikoz jasotzea eta abantailak Museoko jarduerak erosteko orduan.


Community-k, Guggenheim Bilbao Museoak 2017ko ekainean artearen eta kulturaren inguruan abian jarritako elkarte birtualeko kontzeptu berriak, 38.000 erabiltzaile baino gehiago ditu eta hilean-hilean hazten da kopuru hori, Museoak audientzia zabal eta askotarikoaren artean sortzen duen interesaren erakusgarri.