Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko maiatzak 15Bilboko Campusa

ForoTech 2019: Deustuko Unibertsitateak ingeniaritza eta teknologiako zabalkunde foroaren zazpigarren edizioa ospatuko du

Maiatzaren 15etik 17ra, Deustuko Unibertsitateak Forotechen zazpigarren edizioa hartuko du. Unibertsitatearen, enpresen eta ikasleen arteko topaketa horrek ingeniaritza eta teknologia herritarrei hurbildu nahi dizkie eta ikerketarako eta garapen teknologikorako bokazioak sustatu, bereziki emakumeen artean. Forotech Ingeniaritza Fakultateak antolatzen du, teknologian konfiantza izan eta haren aldeko apustua egiten duten hogeita bost erakunde publiko eta pribaturen babes eta laguntzarekin, hazkuntza ekonomikoa eta gizarte ongizatea helburu harturik.

Forotechek garrantzizko gonbidatuak izango ditu, industria eta teknologia berrien esparrukoak, mahai-inguru eta tailerretan parte hartzera hurbilduko direnak. Horrez gain, Emakume Teknologoarentzako estatu mailako Ada Byron saria ere emango du, emakumeek zientzia eta teknologia arloan egiten duten lana erakusteko, I + G arloko emakumeen bokazioak sustatzeko eta teknologiak hazkunde ekonomikoan duen garrantzia eta gizarterako etorkizuneko balio gisa duen garrantzia azpimarratzeko. Saria atzerrira ere zabaldu da aurten, Mexikoko edizioa martxoaren amaieran aurkeztearekin.

Foroak irauten duen hiru egunetan, erakusketa teknologikoa zabalik egongo da goizez eta arratsaldez Unibertsitateko klaustroan. Tailerrak eta bisitaldi gidatuak egin ahal izango dira, unibertsitate aurreko ikasleei zuzenduta, bereziki. Horrekin batera, asteazkenean, maiatzaren 15ean, Vodafone Innovación sariak aurkeztuko dira, eta Big Data eta Business Intelligenceko programetako diplomak emateko ekitaldia antolatu da.

Ostegunean, maiatzaren 16an, Ada Byron saria banatzeaz gain, Deusto Alumni Ingeniaritzak jarduera bat antolatu du: “Aurkitu irtenbidea gurekin”, Escape Room ezagunen estilora. Horrez gain, IBMk Call for Code Global Challenge 2019 ekimena aurkeztuko du, INNOLAB Bilbaon, garatzaileen elkarteari soluzio teknologikoak sortzeko erronka joko diona IBM Cloud teknologiaz baliaturik eta natura hondatzearen eragina murrizten laguntzeko. Zehazki, aurten esparru hauetan ari dira soluzioak sortzeko eskatzen.: elikagaien eta uraren segurtasuna hobetzen; material medikoaren eta botiken hornidura eta zabalkundea egiten; gaixotasunen eta izurriteen jarraipena egiten eta errotik kentzen; erregistro medikoetarako sarbidea errazten; osasun mentaleko beharrizanak artatzen; eta populazioaren artean egoerarik ahulenean daudenei laguntza ematen.

Ostiralean, hilaren 17an, goizeko bederatzietatik aurrera, ekodiseinuari eta ekonomia zirkularrari buruzko jardunaldiak izango dira. Birziklatzearen Nazioarteko Eguna (Unesco) dela eta, ekodiseinuari eta ekonomia zirkularrari lotutako proiektuak aurkeztuko dira, Ihobek, Vidralak, Ecoembesek eta ANFEVIk aurkeztuta. Ondoren, Ingeniarien Kutxako Talentu eta Management Solutions sariak banatuko dira eta, Ingeniaritza Fakultateko Industria Digitaleko Deusto Katedrarekin batera, zibersegurtasuna ardatz hartuko duen jardunaldi bat antolatuko da, “Amesgaiztoa industrian” izenekoa, Etxetar Taldearen eta Titanium-en aurkezpenekin.

Hurrengo astean, maiatzaren 24an, Ingeniaritza Fakultateak, amaiera emateko, masterclass bat antolatu du Michel Baudinekin, Operational Excelence-ko aditu eta Lean Manufacturing-ean espezializatuarekin, datuen zientziaren erabilerari buruz produktibitatea hobetzeko.

Forotech 2019ren babesleak hauek dira: IK4 Research Alliance, BilbaoTIK, Ejie (Eusko Jaurlaritzaren sozietate informatikoa) Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Emakunde, Vidrala, Dominion, NTS, Microsoft, Spri Taldea, Bilbao Ekintza, Donostia Sustapena eta Alzola; eta beste hauek dira laguntzaileak: Deusto Tech, Innobasque, Deusto FabLab, Basque HealthCluster eta Trastea Learning. Horiekin batera, LAB/sortzaile gisa beste hauek aurkeztuko dira: Edurobotic, CreativiTIC eta Camp Teknologikoa.

Argibide gehiago eta ordutegiak: www.forotech.deusto.es