Abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierkoaren egunean, Deustuko Unibertsitateak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu du, aurten “Euskara lanabes, aro berrirantz. Euskara talde-lana da” lelopean.
Hizkuntza bakoitza altxor handia da, gizaldiz gizaldi eta egunez egun hiztun guztion artean sortu eta berritzen dugun ingeniaritzako artelanik konplexu eta ederrena. Hizkuntzaz bereizi eta izendatzen dugu mundua, hizkuntzaz pentsatu eta sortzen dugu, hizkuntzaz komunikatu eta ulertzen dugu elkar... Hizkuntzaz gara gizaki.
Horregatik, Euskararen Nazioarteko Egunaren esparruan, unibertsitate elkarteak euskararen altxorra aldarrikatu eta bizitzaren esparru guztietan landu eta erabiltzeko konpromisoa berretsi du, baita unibertsitateko bizitzan ere, parte-hartzeko ekintzen ekitaldi egitarau oso bat ospatu du azaroaren 29tik abenduaren 3ra, Bilboko eta Donostiako campusetan.
Kontsultatu ekintzen egitaraua