Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko urtarrilak 19Bilboko Campusa

Bizkaiak eguneroko bizikletan egiten joan-etorriak sustatzeko eta errazteko aliantza bat aktibatu du

Bizkaiko Foru Aldundiak, Breda University of Applied Sciencesek, Deustuko Unibertsitateak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Orbeak ezagutzak, esperientzia eta gaitasunak batu dituzte bizikleta bidezko mugikortasun iraunkorra bultzatzeko prestatutako lantaldean. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi duenez, taldeak bizikletaren aldeko apustua egiten du, gizartea eraldatzeko elementu gisa, eta Bizkaiko pertsonei beste era batera bizitzeko eta mugitzeko beste aukera bat emateko.

Ildo horretan, bizikleta ez dela helburu bat azpimarratu du, modu osasungarriagoan bizitzeko eta bizi-kalitatea irabazteko bitarteko bat baizik. Bizikletaz mugitzea pertsona bakoitzak baloratu eta hartu beharreko erabakia den heinean, lantalde hau erabaki hori bultzatu eta errazteko sortu da.

Talde horren aurkezpenean honako hauek parte hartu dute: Jon Fernandez, Orbeako zuzendari nagusia; Gorka Ugalde, Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendaria; Mikel Larreina, Deustuko Unibertsitateko nazioarteko harremanetarako dekanordea; Paul van de Coevering, Bredako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko hiri inteligentziako irakaslea; eta Mireia Elkoroiribe, Durangaldeko mankomunitateko presidentea. Erakunde horrek, udal-esparrutik, bizikletan mugitzeko sustapen proiektu garrantzitsuak garatzen ditu.

Taldearen lana epe luzerako planteatzen bada ere, 2021ean hainbat arlotako proiektuak testatzen hasiko da. Besteak beste, honako hauek aipatu ditu Rementeriak: udalerriei aholkularitza ematea (pilotuak Getxon, Leioan, Zornotzan eta Portugaleten), teknologia berriekin eta adimen artifizialarekin lan egitea, mugikortasunari buruzko prestakuntza sustatzea (berariazko ikastaro bat Deustuko Unibertsitatean), ekintzailetza eta I+G+b sustatzea bizikletaren inguruan (Orbeak eta lurraldeko beste eragile batzuek garatutako proiektuekin) eta kanpainak garatzea ikastetxeetan eta lantokietan. Proiektu horiek guztiak zehaztasunez jasoko dira lantaldea osatzen duten bost erakundeek laster gauzatuko duten hitzarmen batean.

Breda University of Aplied Sciences

Paul van de Coeveringek, Bredako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko Hiri Inteligentziako irakasleak, goraipatu egin du Bizkaiak lurralde jasangarri eta osasungarri baterantz aurrera egiteko egin duen apustu irmoa, eta bizikleta aukeratu du hori lortzeko moduetako bat. Ildo horretan, horretarako une ezin hobea dela azpimarratu du, izan ere, mundu osoko hiri eta eskualde askok denbora luzea daramate bizikletari arreta handiagoa jartzen, eta ahalegin hori biderkatu egin da egungo osasun egoeran.

Bere ustez, bizikletaren eguneroko erabilera bultzatzeko Bizkaiak dituen planak asmo handikoak dira, baina baita errealistak ere, uste osoz egin daitezkeelako eta plangintza ona egin daitekeelako, adibide gisa arlo horretan asko aurreratu duten Ipar Amerikako eta Alemaniako hiriak aipatuz.

Irakasleak azaldu duenez, Bredako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateak ezagutza handia du bizikleta bidezko mugikortasunaren sustapenean, eta eragin zuzena izan du Herbeheretako eskualdeko eta tokiko instalazio eta azpiegituren garapenean, hala nola bizikletentzako bide azkarretan edo jolasguneetan. Eskualde politiketan hautatutako ibilbideak beren tresnetan, ezagutzan eta aholkularitzan oinarritzen dira, eta horiek orain Bizkairako pertsonalizatuko dira, Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan "

Gainera, Van de Coeveringek aurreratu duenez, Bredako Unibertsitateak bere ikasleekin eta Dutch Cycling Embassyko adituekin lan egingo du, Aldundiak eta Bizkaiko udalek bizikletaren kultura berri bat bultzatuko duten erabakiak hartzen lagunduko dieten ezagutza funtsezkoak eta isilekoak emateko.

Orbea

Orbea kooperatiba bizkaitarra, gaur egun, munduko erreferente bat da bizikletaren industrian. Lurraldearekin duen konpromisoa azpimarratuz, Jon Fernandez zuzendari nagusiak adierazi du proiektu honen helburua ez dela soilik pertsonak bizikletaz ibiltzea, baizik eta pertsonek ulertzea bizikletaz ibiltzea dela beren aukerarik onena. Hori dela eta, proiektu honek gure kultura aldatu nahi duela esan du, hiriak, eraikin publikoak eta etxebizitzak eraiki nahi dituela bizikleta mugikortasun elementu gisa kontuan hartzeko.

Helburu horrekin, Orbeak proiektu eraldatzaile honen eskura jartzen ditu bere ezagutza eta baliabideak, Bizkaia bizikleta bidezko mugikortasunaren munduan erreferentzia bihurtzeko ametsa lortzeko behar adinako bultzada izan dezan.